Skip to main content

Egunkariatik Berriara, 20 urte

Submitted by lalonso on Az, 02/22/2023 - 14:21

Otsailaren aurrenean Kilometroak 23ren urteko mugarri nagusiak aurkeztuta, “Egunkariatik Berriara, 20 urte” dugu hurrengo hitzordu nagusia. 2003ko otsailaren 20an, orain hogei urte, Guardia Zibilak, epaile baten aginduz, “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuen; ekainean heldu zen haren oinordekoa, “Berria” egunkaria. Kilometroak 23ren urteko egitarauaren barruan, gogora ekarriko dugu gertaera hura eta euskal gizarteak eman zuen erantzuna.

Kilometroen urteko mugarrietako bat izango da “Euskaldunon Egunkaria”ren itxiera eta “Berria”ren hasiera gogoratzea eta euskal gizartean euskarazko egunkariok jokatzen duten rola goraipatzea helburu duen astea.
 

Egitaraua

Otsailaren 20an bertan, ‘Egunero behar genuen’ liburuaren aurkezpena egingo da Lekuona fabrikan. Imanol Muria Uria kazetariak idatzi du; ‘Euskaldunon egunkaria’ itxi eta ‘Berria’ egunkaria argitaratzen hasi bitartean argitaratu zen ‘Egunero’ egunkariaren gaineko xehetasunak fin aletu ditu liburuan. BERRIArekin batera antolatutako ekitaldia izango da.

Otsailaren 21ean ikastolako ikasleek hartuko dute lekukoa; DBHko 2. mailako eta batxilegoko ikasleek propio aztertu dute euskarazko egunkari bakarraren itxiera zer izan zen, euskal prentsak zer garrantzi duen, eta horien berri emanez ‘Egun oro’ argitalpena argitara emango dute, gaiari buruz ikasi eta hausnartutakoak jasota. 5.000 ale inguru banatuko dituzte, BERRIArekin elkarlanean.

Otsailaren 22an, Niessen auditorioan, ‘Euskaldunon egunkaria’-ren itxierari buruzko dokumentala ikusi ahal izango da: ‘Paperezko hegoak’. Emanaldi hau Ozzinema elkartearekin elkarlanean antolatuko da.

Otsailaren 23an, gaiarekin egindako lanketa osatzeko, herriko hiru txokotan, gaiaz era “artistiko” batean ariko dira diziplina hainbatetako artistak; sorkuntzarekin jantziko dituzte egunkariaren itxierari buruzko gogoetak.

Ekitaldi sorta hori amaituko da otsailaren 24an ‘Kantu bat gara’ emanaldiarekin. Lekuona fabrikan izango da. Jon Maia bertsolariaren ikuskizuna da; urteotan hainbat talde eta abeslariren letragilea izan da, eta kantu horien bidez bidaia bat proposatzen du. Euskal kulturaren, historiaren, eta identitatearen ikuspegi berezi bat bilatzen du aurkezten duen kantutegiarekin. Kilometroak 23k landuko dituen hainbat gaiari propio erreparatuko dio Jon Maiak ikuskizunean, eta aparteko izaera emango dio horrek emanaldiari.

 

 

‘Kantu bat gara’ emanaldia. Sarrerak salgai!