Irurako Ikastolako ikasleek energiari lotutako konpromisoak eta eskaerak aurkeztu dizkiote alkateari.
Gorka Murua Macuso Alkateak eta Aitor Gonzalez Calvo ingurumen-teknikariak, Irurako ikastolako eko-ordezkariekin elkartu dira asteartean Eskola Agenda 2030eko udal-foroa ospatzeko.
Lan hori burutzeko hainbat jarduera burutu dituzte ikasturtean zehar:
- Haur Hezkuntzakoak, jolasaren bidez energia gutxiago gastatzeko aukerarik egokiena zein den ikasi dute. Gabonetan energia aurreztearen garrantzia ikasi dute antzeztutako ipuin baten bidez, eta etxean kristalezko potoak berrerabiliz eta erleen argizariarekin kandela eginez, “argi potea” egin zuten.
- Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak Irura inguruan egunerokotasunean mugitzeko ohiturak aztertu dituzte eta horrela beren aztarna nolakoa den ikusi dute. Oinez ibiltzeko ohitura eta beren aztarna berdea izan arren, hobetzeko aukera dutela ikusi dute.
- 3. eta 4. mailakoak etxean energia erabiltzeko dituzten ohiturak aztertu eta gelan bateratu dituzte: orokorrean etxean energia aurrezten dutela ondorioztatu dute (ura, elektrizitatea, …). Etxe batzuetan leihoak berritzea komeniko litzateke eta ordenagailu zein telebista erabiltzen ez direnean, itzaltzea.
- 5. eta 6. mailakoak herritarrei galdetu diete energiari lotutako ohituren inguruan eta ondorio hauek atera dituzte: Energia berriztagarriaren aldeko jarrera indartzeko beharra; Geroz eta energia gutxiago kontsumitzeko jarrera izateko beharra; joan-etorrietarako garraio publikoa edo kutsatzen ez dutenak erabiltzeko beharra.
Egindako lana aurkezteaz gain, energia arloan ikastolak hartutako konpromisoak zeintzuk diren azaldu dituzte, hala nola: Argirik behar ez denean itzaltzea; Argi naturala ahalik eta gehien erabiltzea; Mugikorren eta ordenagailuen kargagailuak, gauetan eta behar ez direnean deskonektatzea; Oinez, bizikletan, patinetean…. gehiago ibiltzea.
Ondoren, ikasleek 7. GJHak lortu nahi dituen helburuetara iristeko eskaerak ere aurkeztu dizkiete udal-ordezkariei:
- Eraikuntza ezberdinetan eguzki plaka gehiago jartzea herriak erabili ahal izateko eta horrela Irurako Komunitate Energetikoa herritar guztiei zabaltzea.
- Egunean (ordu betez, 15 min, 30 min…) argia kentzea edo itzaltzea.
- Herrian bidegorria egitea.
Gorka Murua Macuso alkateak ikasleei egindako lana eskertu die eta aurkeztutako eskaeren inguruko azalpenak eman dizkie. Eko-ordezkariek udalak emandako informazioa ikastolako maila ezberdinetako geletan zabalduko dute. Ikasturte honetan egindako energiaren diagnosia kontuan hartuz, datorren ikasturtean esku-hartze faseari helduko diote.