Skip to main content

Euskal Herriko haur eta nerabeei "xaxatzaile" izateko deia egin die Euskaraldiak

Submitted by lalonso on Az, 02/05/2025 - 14:34

Gaur goizean Euskaraldia lantzeko proposamen didaktikoak aurkeztu dira. Ikastolen Elkarteak Euskaraldiko lan taldearekin lanean aritu da. Oraingoan ikasleak izango dira, gurasoak eta inguruko helduak xaxatuko dituztenak.

Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintzak euskara ulertzea eta 16 urtetik gora izatea dira. Baina, 16 urte azpiko herritar gazteek ere zeresan itzela dute euskararen bizberritzean, orokorrean; eta erabileran, bereziki. Garrantzi hori aintzat hartuta, Euskaraldia lantzeko haur eta gaztetxoei zuzendutako proposamen didaktikoak ondu dituzte.

Ariketak lantzeko materiala, eta proposamen didaktiko horiek aurkeztu dituzte gaur.

Maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketan, 16 urtetik gorako belarriprest eta ahobiziek eman dezakete izena.

Euskaraldiaren helburua euskararen erabilera areagotzea da, euskara erabiltzeko aukerak biderkatuz eta hizkuntza ohiturak aldatuz euskaraz gehiago aritzeko. Hori lortzeko, herritar guztiei lehen hitza euskaraz egitea proposatzen die ariketak; eta horrez gain, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duen horri ere euskaraz egitea eskatzen die.

Euskal Herriko gaztetxoek, aurrez aipatu bezala, egiteko garrantzitsuak dituzte Euskaraldian, bai ariketa bitartean eta baita aurretik ere. Etorkizuneko parte-hartzaileak izateaz gain, euren etxeetan erabileran aldeko ezinbesteko pedagogia egin dezakete, aiketaren nondik norakoak azalduz, eta Euskaraldiak proposatzen duena etxeetan egitera animatuz.

Material didaktiko honek beraz, bi helburu ditu: batetik haur eta gazteei, Euskaraldiaren berri emanez, haiek ariketan duten egitekoak azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea; eta, bestetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea, eta haur eta gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen.

Hurrengo data batzuk ere zehaztuak daude dagoeneko:

- Entitateen agerraldia: otsailak 20

- Ahobizi eta belarriprest izen-ematea: martxoak 15

- Hasiera ekitaldia: maiatzak 15