Lehenik eta behin, ESKERRIK ASKO beste urte batez Eskutik Eskura kanpainarekin bat egin duzuenoi baina baita lehen aldiz eskaera egiteko pausoa eman duzuenoi ere! Egin duzuen hautuari esker denontzako onuragarria den elikadura-eredu berri bat indartzen ari zarete, ekoizleak, herritarrak eta gure lurra babestea helburu duena.
Kanpainan eskatutako produktuak Aste Santu ondotik hasi eta maiatza bukaera bitartean helduko dira Euskal Herriko txoko guztietara.
Banaketaren informazioa ikusi.
Aipatzekoa da Euskal Herriko zazpi lurraldeetan eman dela igoera. Guztira 10.700 eskaera erregistratu ditugu aurten, iaz baino 974 eskaera gehiago (%10,4 gehiago). Produktu kopuruari dagokionez, jauzi ikaragarria eman dugu. Aurtengo Eskutik Eskura kanpainan inoizko produktu kopuru handiena banatuko baitugu: 30.700 lote (%22,52-ko igoera) eta 145.500 litro olio (%13,7-ko igoera).
Lanean jarraituko dugu anbizioz eta ilusioz
"Beste modura" kontsumitzeko eta ekoizteko bidea ez da kanpainarekin batera amaitu. Errigoran urte osoko lanketa egiten baitugu alternatiba hezur-mamitzeko: ekoizpenean eraginez, euskara sustatuz, sarea indartuz, ondoko kanpainak prestatzen, jantoki kolektiboekin lanketak eginez, epe-luzerako erronkak identifikatzen... Etengabeko lanketan ari gara proiektuan, anbizioz eta ilusioz gure hiru helburuetara gerturatzeko lanean: elikadura burujabetza, euskara eta auzolana.
Hurrengo kanpainan izango dugu elkarren berri. Bitartean, ospatu dezagun lotutakoa. Biba gu!