Skip to main content

Ahalduntze digitala xede, Ikastolek aurkeztu duten Estrategia Digital berrian

DBH-n hasiko da ahalduntzera bideratutako ikaste esperientzia berriaren inplementazioa datorren ikasturtean. “Mundu digital batean bizitzeko, digitalki ahaldunduak diren herritarrak hezi behar ditugu”, nabarmendu du Zigor Ibarzabal Euskal Herriko Ikastolen hezkuntza zuzendariak.

ggg

Aktualitatearen lehen lerroan kokatu da digitalizazioaren auzia azken aldian, bereziki PISA txostenaren ondorioak aurkeztu zirenetik. Hala ere, gizartean lehenagotik ere bazegoen digitalizazioaren eta berak dakartzan ondorioen arteko hausnarketa eta eztabaida sakona, batez ere hezkuntza-komunitateetan. Eztabaida horri erantzun sendo bat ematera eta norabide propio batekin erantzutera dator Estrategia Digital berria. Bi urteko lan sakonaren eta partekatuaren emaitza da, teknologiaren erabilerak bere baitan dituen askotariko ondorioak aztertzen dituena eta horiei parez pare erantzuten diena. “Balio handiko lan” gisa izendatu du estrategia, Europako konpetentzia digitalen DigComp 3.0. markoaren sortzailekide den Stefano Kluzerrek*, bideokonferentzia bidez egindako hitzartzean: “Europan ezagutzen dudan bigarren kasua da”. Era berean, balioan jarri du marko teknopedagogikoaren lurreratzea “zehaztasunez” jasotzen duela, mailaz maila, eta horrela, tresna bat eskaintzen diela irakasleei “rolak eta ardurak ere argi zehazteko”. 

Gasteizko Armentia Ikastolan aurkeztu du emaitza gaur goizean Euskal Herriko Ikastolen hezkuntza zuzendari Zigor Ibarzabalek, Nekane Artola lehendakariak bere ongietorrian balioan jarri eta gero mugimenduak behetik gora landu duen eskariari estrategia honekin emandako erantzuna. Ibarzabalek, ostera, gogora ekarri du duela hamarkada eta erdi, artean gailu digitalak etxe guztietara iritsi gabe zirela, ikastolak aitzindari izan zirela ikaskuntza-prozesuetan baliabide digitalak sartzerako orduan. Gaur, ordea, errealitatea erabat bestelakoa da: euskal gizartea teknologiarekin etengabe bizi den gizarte hiperdigitalizatua da, eta horri erreferentzia eginez, argi mintzatu da: “Gizarte erronka baten aurrean gaude eta herri gisa egin behar diogu aurre. Sinetsita gaude hezkuntzatik ekarpen garrantzitsua egin diezaiokegula, egin behar diogula, gizarteari”. 

Eta, beraz, hezkuntzak gizartearen erronka horri begirada propioa jarri eta erantzun koherentea eman behar diola berretsi du Ikastolen hezkuntza zuzendariak: “Errealitate berri horrek, hezkuntzaren eta eremu digitalaren arteko harremana birpentsatzera eraman gaitu, eta hezkuntza prozesuetan gailu eta lanketa digitalek izan beharreko eremua berriz ere zehaztera”. 
Ikastolen proposamenak bi dimentsio ditu. Batetik, konpetentzia digitala eta ahalduntze digitala lantzeko marko teknopedagogikoa; eta, bestetik, burujabetza teknologikorako bide-orria. Lehenengoak zehazten du zer, noiz eta nola landu behar den ikasgelan. Bigarrenak, berriz, erabaki horiek hartzeko autonomia bilatzen du, kanpoko hornitzaileekiko menpekotasuna murriztuz eta teknologia hezkuntza-proiektuaren zerbitzura jarriz. 

Ebidentziek eta pedagogiak markatutako erabakiak 

Ebidentzia zientifikoetan oinarritzen da estrategia. Hain justu, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatearekin eginiko ikerketak eta hainbat unibertsitateetako ikerlarien ekarpenak ditu oinarri, baita hezkuntzaren arloko askotariko profesionalenak ere. Hezkuntzaren esparrua berariaz aztertu du ikerketak eta lau dokumentutan jaso da azterlana: teknologiaren ekarpenaren justifikazioa, mailaketaren fundamentazioa, konpetentzia digitalaren mailaketa balidatua eta gelaratze-proposamenak. Era berean, estrategia osatzeko beste alor batzuetako ezagutza eta ebidentziak ere hartu dira kontuan: osasungintza, psikologia, neurozientzia eta osasun publikoa, adibidez. 

Egindako ikerketa lanari buruzko gako nagusiak aurkeztu ditu Amaia Arroyo Sagasta irakasle-ikertzaileak: “Ondorio nagusia argia da. Teknologiak ikaskuntza aberastu dezake, baina ez beti eta ez edozein modutan. Testuinguru, baliabide eta momentu egokietan erabiltzen denean du balioa. Gailu bat ez da berez ikaskuntza-tresna: pedagogiak markatzen du erabilera”. 

Hori horrela, hiru erabaki orokor iragarri dituzte Euskal Herriko Ikastolek: hezkuntza eremuan pantailen erabilera murriztea; pantailen gelaratzea denboran atzeratzea, beraz, hasierako etapetan erabilera saihestea, konpetentzia digitala modu analogikoan landuz; eta ahalduntze digitala, modu espezifikoan eta momentu zehatzetan (asteko ordutegian berariaz denbora bat dedikatuta) lantzea; horretarako baliabide espezifikoak sortuz. 

Hiru urrats, etapa bakoitzean 

Konpetentzia digitalaren garapena hiru mailatan ulertzen da, elkar elikatzen duten urrats gisa ulertuta: alfabetatzea, inplementatzea eta ahalduntzea. Lehenik, teknologia ezagutu behar da; gero, tresna gisa erabili; eta, azkenik, haren aukerak, mugak eta eraginen inguruan hausnartu eta boteretu. Planteamendu horretan oinarrituta, erabakiak lurreratzeko irizpide hainbat aurreratu dituzte aurkezpenean. 

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen bi mailetan, ohiko jardunean gailuak ez dira erabiliko; eta ezohiko erabilera beharrezkoa den kasuetan, irakasleak erabiliko du gailua, ez haurrak. Era berean, konpetentzia digitalaren eta pentsaera konputazionalaren lehen oinarriak modu analogikoan landuko dira: jolasaren, esperimentazioaren eta irakaslearen gidaritzaren bidez. 

Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailei dagokienean, online jarduerak hasiko dira, betiere irakaslearen dinamizaziopean eta ikaslearen erabilerak gidatuta. Bosgarren eta seigarren mailetan konpetentzia digitalaren lanketa sistematizatuko da. Helburua ez da gailu digital gehiago erabiltzea; ikaskuntza-prozesuari ekarpen esanguratsua egiten dion erabilera aukeratzea baizik. 

12 eta 16 urte arteko gazteen kasuan DBHn, gailu digitalen erabilera etiko, arduratsu eta jasangarria sustatuko da. Azken finean, teknologiari buruzko hausnarketa eta boteretzea dira lanketaren helburu nagusiak. Horretarako espezifikoa den ikaste esperientzia bat definitu eta garatzen ari direla baieztatu du Zigor Ibarzabalek: “Datorren ikasturtean bertan, DBH-n martxan jarriko dugu”. 

Eta bukatzeko, etapa guztien kasuan, gailuen erabileraren antolaketari dagokionez, gailuen erabilerarako ingurune seguru bat eskaintzea bermatuko da ikastoletan; eta, beraz, erabilera Ikastolatik kanpo egiten denean, ikasleen segurtasun eta eskubideak errespetatzen direla bermatzeko bideak eta aukerak arakatu eta aktibatu beharko dira. Ostantzean, gailu digitalak Ikastolan geratu beharko dira. 

Burujabetza teknologikorako bide-orria 

Konpetentzia digitala lantzeko, teknologiak aukeratzeko irizpideak eta baliabide egokiak behar direla nabarmendu dute aurkezpenean. Hortik, bigarren dimentsioa: burujabetza teknologikorako bide-orriarena. Ez baita berdina edozein plataforma erabiltzea edo komunitatearen balioekin koherentea dena aukeratzea. 

Zortzi helburu estrategikotan ardazten da: autonomia estrategikoa lortzea, ikastolen arteko elkarlana sustatzea, software librea eta kode irekia lehenestea, prestakuntza indartzea, segurtasun digitala eta datuen babesa bermatzea, iraunkortasuna eta ekologia digitala sustatzea, tokiko hornitzaileak eta kooperatibak lehenestea eta teknologia pedagogiarekin koordinatzea. Hezkuntza zuzendariak azpimarratu du ez direla aldi baterako neurriak: “Hekuntza-proiektuaren barruan kokatutako erabakiak dira. Teknologia ez da inoiz helburu berez: pedagogiak gidatutako aukeraketa baten tresna da Ikastolentzat”. 

Familia eta Ikastola, norabide berean 

Konpetentzia digitala ezin da ikasgelan bakarrik landu. Ikasleek Ikastolatik kanpo ere erabiltzen dituzte gailuak eta harreman zuzena dute teknologiekin, eta horregatik, familia eta Ikastolen arteko koherentzia ezinbestekoa da. Horregatik, Ikastolen Estrategia Digital berriak ez du soilik hezkuntzaren eremura mugatzen bere eragina. Estrategiak, besteak beste, familientzako lan-saioak eta dinamikak proposatzen ditu, eta irakasleentzako prestakuntza planak abiatuko dira. 

Ikasleak digitalki ahalduntzeko, behar beharrezkoa da irakasleen ahalduntzerako prestakuntza. Bi planotan garatuko da: alde batetik, konpetentzia digitalak indartuko dira; eta, bestetik, gelaratze-estrategia eta sekuentziazioa landuko dira. “Helburua da komunitate osoak partekatutako begirada bat eraikitzea” adierazi du Ibarzabalek. 

Azken albisteak

Bere urtebetetze eguna, azken eguna izan da. Ikastolako ikasle eta langileok eskerrak emateko eta agurtzeko tarte bat hartu dugu.

Izan zoriontsu bizitzako etapa berrian!!

Igandean izan zen, Irura moretuzek antolatutako v.azoka. Aurten, Irurako Ikastolaren 50.urteurreneko arropa eta materiala ere eskaini zen bertan. Gainera, taloen postura ere jende dezente gerturatu zen.

Igandean, urriaren 25ean, 11:00etatik aurrera Irurako plazan izango den EMAKUME ARTISAUEN II.AZOKAN parte hartuko dugu. Gerturatu eta gozatu!